XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gogoratuko al nuen non zen? Eta han jarraitzen ote zuen artean berak? Poztuko ninduen huraxe ikusteak!.

Arratsak bere estalkia zabaldu zuenean hiriaren gainetik, aurkitu nuen habia eta bertan gautxoria.

Pixka bat zimel eta higatuagoa zegoen, edertasunean ere irabazpenik gabe.

Argi gorri-urdin keinukarien briztadapean begira-begira geratu nintzaion.

So nuen hura ere, baina ez zuen ezagutu-itxurarik egiten.

Nola gogoratuko zuen hirurehunen bat gau lehenago, beste askoren atzetik eta gehiagoren aurretik, hainbesteren artean ikusiriko aurpegi bat gehiago?.

Zergatik oroitu behar zuen nitaz, bere bizitzan zehar, gainean eta azpian izandako ehundaka haietariko beste bat gehiago ez banintz bezala?.

Gogoeta hauetan murgildua nengoela, irribarre xumez hurbildu eta txintik esan gabe, besotik heldu zidan bere gelara bideratzeko.

Han haren magalera bota nuen burua.

Zigarroa piztu eta aldizka nire ezpainetan jartzen zuen, biok elkarbanatzen genuen sakonagoko zerbaiten (etsipenaren?) ikurra bailitzan.

- Duela urtebete baino gazteagoa eta politagoa aurkitzen zaitut - esan nion.

Irribarre triste labur bat marraztu zitzaion ezpain bazterretan, gezur hura barkatzen zidala nolabait adieraziz bezala.

- Nik zuri orduan eta orain aurkitu dizut gazte zahartuaren begiratua - erantzun zidan burua laztanduz.

Ondoko gaumahai zapaletik cognac botila erdi hustua atera zuen, eta kopa bakarra biontzat.

Azken egunetan barruan gorderiko herstura eta atsekabeak gainez egin eta begietan lehertu zitzaizkidan.